Boluntariotzak badauka magiarik?
…bForoa eta boluntako parte garen boluntariotza-erakundeok sinetsirik gaude BAIETZ, are gehiago, Magiaren fenomenoa zer den aintzat hartuz gero.
Ilusionismoaren artea da magia: haren bidez, trikimailuak sortzen dira, logikak uler ez dezakeen eran manipulatuz objektuak, egoerak eta pertsonak.
…Magiaren oinarria grekerako “mageia” hitzetik dator: “naturaz gaindikoaren ezaugarria” esan nahi du.
Bizkaian 97.513 boluntario daude –Euskadiko Hirugarren Sektoreko erakundeen azken barometroak (2019) emandako datuen arabera–, eta gauza txundigarria da hori, dudarik gabe. Boluntariotzak izango du, bada, “naturaz gaindiko” zerbait, hainbeste jende erakartzen badu!
Boluntariotzak magia dauka, hainbat arrazoirengatik:
“Ikusgai bihurtzen du ikusezina zena”
Ezkutuan eta ikusgaitz gordetako premia sozialak argitara ateratzeko garaian aitzindariak izan dira boluntarioak, eta hala izaten segitzen dute oraindik ere.
Ahotsa ematen diete pertsonarik zaurgarrienei, oinarrizko eskubideen urraketak salatzen dituzte eta eragile sozialak interpelatzen dituzte, arazoen konponbidean parte har dezaten. Boluntariotzak, argi eta garbi, herritarrengana eta instituzio publikoetara hurbiltzen du errealitate soziala.
“Pertsona xarmagarriak dira, argia daukate, liluratu egiten zaituzte”
Boluntarioek hainbat balio transmititzen dituzte, hala nola justizia, errespetua, erantzunkidetasuna, kooperazioa… Balio horiek ezinbestekoak dira gizartearen onbiderako.
Boluntariotzak beste ikuspegi bat eta beste balio bat ematen dio bizitzari, doakotasunaren eta eskuzabaltasunaren ariketa gauzatzen baitu, hala beste pertsonekiko nola gizartearekiko oro har, eta alaitasunez gauzatzen du, gainera, bai eta arduraz, konpromisoz eta energia handiz ere.
Zeregin bat egitea baino askoz harago doa boluntariotza; izateko, egoteko, parte hartzeko eta parte izateko modu bat da. Boluntarioek bidea argitzen dute, eta eredua dira besteentzat.
“Lebitazioa, telegarraioa eta harridura eragiten dituzte”
Umorea, alaitasuna, hurbiltasuna eta estimua eskaintzen dizkiete beste pertsonei, eta, hala, haien bakardadea, tristezia eta zailtasunak arintzen dituzte.
Boluntarioei esker, guztia da posible; beraien adiskidetasunaren eta ekinaren bidez, eta buru-belarri jardunez, pertsonen alderdirik onena ateratzen dute.
“Beraien kartak jokatzen dakite”
Boluntario bakoitzak bere zeregina eta balioa ematen dio boluntariotza-lanak egiten dituen erakundeari.
Boluntariotzari esker, erakundeek era askotako ikuspegiak, iritziak eta egiteko moduak jasotzen dituzte. Balio berezi eta funtsezkoak jasotzen dituzte.
“Xistera moldaerraza eta biderkatzailea daukate”
Boluntarioz osaturiko gizartea solidarioagoa eta berdinzaleagoa da.
Boluntarioek, zereginak betetzeaz gainera, herritartasun konprometitu eta arduratsuaren xistera janzten dute, aldaketa sozialaren eragile bihurtuz. Taldean lan egiten dute, indarrak batu, eta, horrela, errealitate zehatz bat eraldatzeaz aparte, gizarte osoa eraldatzen dute.
Baina ez ditugu trikimailu guztiak azalduko, magia artea baita, ilusionismoa… Nolanahi ere, boluntario guztiek daukate Arte komun bat: pertsona guztiekiko justua eta duina den mundu bat sortzen lagundu nahi dute, eta eskuzabaltasunez eta bihotz handiz ekiten dute.
BOLUNTARIOTZAREN “BATEKO BIHOTZA”!
ESKERRIK ASKO!!
“Eskura dezagun aldatzeko magia, amestuz, gure ametsean sinetsiz eta haren alde borrokatuz”.
Miguel Ángel Cornejo