Pandemian garaian boluntarioak zaintzea


Print Friendly, PDF & Email

Joan den martxoan, alarma-egoera baino egun batzuk lehenago, BIZKAIKO BOLUNTARIOTZA ERAKUNDEEN FORO hainbat parte-hartzaile elkartu ginen, besteak beste, maiatzean egingo zen boluntarioen topaketa antolatzeko. Hausnartu beharreko gaia hau zen: nola zaindu boluntarioak? Eta, zehazki, prestakuntza on bat zelan planteatu; haien lana behar bezala zelan aitortu eta gure erakundeen funtzionamenduan parte-hartze ona izatea nola planteatu hausnartu nahi genuen. Ikuspegi horretatik, esperientzia-topaketa bat diseinatu genuen, bertara joango ziren boluntarioek beren haragian zainketen adibideak esperimentatzeko.

Bistan denez, topaketa hori ezin izan da maiatzean egin, eta ziurrenik ezingo da egin, planteatuta zegoen bezala, etorkizun hurbilean ere. Hala ere, erakunde guztiek, boluntarioak zaintzen jarraitu dute, ahal duten neurrian, eta horrela jarraituko dute alarmak irauten duen bitartean.

Hona hemen boluntarioen zaintza egoera berezi horretan nola planteatzen ari garen.

Erakunde gehienek egin dugu osasun larrialdiko egoera honetan egin daitekeen zainketa lan nagusia: boluntarioak beren etxera bidali eta presentziazko jarduerak itxi. Gure langileekin eta erabiltzaileekin egin dugun bezala, boluntarioei ere etxera bidali zaie, eta boluntarioen lana urrutitik egin daitekeen kasuetan bakarrik: telefonoz, ordenagailuz eta abar, boluntarioak jardunean egon dira. Aipamen berezia merezi dute kolektibo zaurgarriekin presentziazko jarduerak egiteko berariazko boluntariotza-ekimenek. Zenbait erakundek garatu dituzte ekimen horiek, eta bertan parte hartu dute, batetik, jarduerarik ez zuten entitateetako boluntarioak, eta, bestetik, boluntario berriak. Kasu horietan, presentziazko jardueretan boluntarioek egin beharreko zainketa zorrotza izan da, osasuna babesteko neurriei dagokienez, bai eta entitateetako beste edozein langilerekin ere.

Boluntario guztiak zaintzeko ekintza garrantzitsu bat haiekin hurbileko eta maiz komunikatzea izan da, nola dauden galdetuz eta norberaren beharrei erantzuna emanez. Alde horretatik, erakunde bakoitzak bitarteko egokienak erabili ditu bere boluntarioekin modu eraginkorrean komunikatzeko. Telefonoa da biderik erabiliena, baina baita ordenagailua ere, posta elektronikoaren bidez ez ezik, komunikazioa eta hurbiltasuna errazten duten bideo-deien bidez. Erakunde gehienek boluntarioen jarraipena bakarka egin duten arren, batzuek taldean ere egin dute, adibidez, WhatsApp taldeen bidez, non informazioak, iritziak eta abar partekatu baitituzte, edo boluntarioek beren kezkak edo beharrak talde osoari jakinarazi dizkiote. Erakunde bakoitzean boluntarioak zaintzeaz arduratzen den pertsonak komunikazioa erraztu du batez ere. Harreman edo komunikazio ohikoena 10-15 egunekoa izaten da.

Boluntarioak zaintzeko beste ekintza bat da tresnak eta baliabideak ematea. Alde horretatik, erakunde askok on line prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukera eman diete epe honetan. Prestakuntza horiek, batzuetan, erakundeek ematen dituzte, baina baita kanpoko beste eragile batzuek ere. Prestakuntza-ekintzak, batzuetan, egin beharreko lan-motari buruzkoak izan dira; esate baterako, erakunde askok boluntarioak egindako telefono bidezko arreta izan dute eta beharrezkoa izan da jarraibideak eta prestakuntza ematea arreta hori egiteko moduari buruz. Hala ere, gai orokorrei buruzko prestakuntza ere eman da, artatzen diren taldeei buruz, boluntarioen lanari buruz oro har, lan jakin bati atxiki gabe, etab.

Azkenik, denbora horretan egiten ari den zainketa-ekintzarik garrantzitsuena autozaintza sustatzea izaten ari da. Izan ere, boluntario-elkarteak ohartzen gara gure boluntarioek inoiz baino gehiago zaindu behar dutela bere burua (osasun fisikoa eta mentala, motibazioa, harremana, etab.) eta gu nahi bezain hurbil egon ezin bagara, behintzat eskura ditugun mekanismo guztiak eman diezazkiekegu, haiek zaintzeko. Erakunde askok atal bereziak sortu dituzte beren web guneetan , sare sozialetan (Facebook, instagram, twitter, etab.) eta beste kanal batzuetan ere, boluntarioak lasaitzeko eta animatzeko baliabide eta informazio garrantzitsuak partekatzen dituztenak, baita boluntarioen testigantzak edo esperientziak partekatzeko ere.

BIZKAIKO BOLUNTARIOEN ELKARTEEN FOROAK boluntarioak zaintzen jarraituko du egoera honek irauten duen bitartean, eta hirugarren sektoreko erakunde guztiak gauza bera egitera animatzen ditugu, pandemia garaia hau amaitzen denean guztiok batera borroka egin dezagun eraldaketa sozialaren alde, bidean inor galdu gabe.